Segurako Udala. Turismo saila

Goibururako irudi 1
Goibururako irudi2
Goibururako irudi3
  • Kasko Historikoa

    Segura herria, defentsarako herri izateko asmoz eraikia izateak ondorio garbiak ekarri zituen bere arkitekturan. Ezaugarri nagusienetako bat hiribildu osoa inguratuko zuen harresia litzateke, herriari morfologia kontuetan, almendra edo triangelu itxura eman ziolarik.

     

    Harresiarekin batera, honen osagarri, sarrera ateak leudeke; hiribildura sartu edo irten ahal izateko erabili beharrekoak. Guztira bost ate edo portal zeuden; goikoa edo Gaztelakoa, behekoa, Nafarroakoa, ate txikia eta Zeraingo portala. Gaur egun horietatik hiruk bertan jarraitzen dute. 


    Harresiaren barneko zatia berriz, etxeak eraikitzeko orubea, hasiera batean zati berdintsuetan banatu zen; 8 metro zabal izaten zuen sail bakoitzak eta lurraren morfologiaren araberako sakontasuna. Lur- sail hauetako bakoitzean familia bat egokituko zelarik. 
     

    Urteek aurrera egin ahala, mailaketa sozialak, presio demografikoak eta suteek eragindako kalteak tarteko, orubearen banaketa honek aldaketak jasan zituen: jauntxoek  jauregiak eraiki zituzten (alboko orubeetan ere eraikiz) eta herri-xeheak berriz lur-sail txikiagoetan moldatu beharra izan zuen. 
     

    Historia guzti honen testigu, bisitariak gaur egun, 1996az geroztik multzo monumental izendatutako herri kaskoan artisau eta nekazarien etxeak eta jauntxoen jauregiak elkar harturik topatuko ditu.